PILOTAREN HISTORIA
Euskal Herrian, pilota jokoa XVIII. mendean hasi zen herrietan praktikatzen. Baina badira beste datu historiko batzuk, eta nahiko fidagarriak gainera, pilotaren hasiera Behe Erdi Aroan kokatzen dutenak. Era honetan, euskal pilotaren aurrekariak Erromatar Inperioaren azken garaietan aurki daitezke. Italiarrek, garai hartan, "pila" izeneko pilota jokoan aritzen ziren, beren eremuetan sakabanatu zelarik.
Antzinako modalitate hau garatzen joan zen pixkanaka mendebaldeko Europan zehar. Lurralde frantsesean "jeu de paume"-an bilakatu zen (esku barneko jokoa), pilotaren aurrekari zuzena. Nobleak eta klerikoak ziren XV mendean praktikatzen zutenak. Bere aldetik, garai hartako euskaldunak "bote luzera" jokatzen hasi ziren, funtsean Frantzian jokatzen zenaren berbera zelarik, baina aldaketa batzuekin.
Lehen joko guzti hauek era zuzenean jokatzen ziren, hau da, bi taldeak bata bestearen aurrean jartzen ziren, inolako hormarik gabe, eta pilota alde batetik bestera joaten zen. Hasiera batean pilota jotzeko esku barnea bakarrik erabiltzen zen, baina XV mendearen bukaeran erramintak erabiltzen hasi ziren.
Goiko klaseak beren egoitzetan edota eraikuntza erlijiosoetan "jeu de paume-ean" aritzen ziren bitartean, Euskal Herriko baserritarrak kanpoan aritzen ziren jolas honetan "alkandora eta prakak" jantzita. Agintariek ez zuten hau ondo ikusten. Baserritar batzuk lau hormen artean jolasten zuten, eskuak babesteko eskularruak erabilita, baina herriak ezin izan zituen esparru itxiak Frantziar Iraultza eta gero arte erabili.
Gure herrialdean, pilotari dagokion egiaztatutako lehen datu historikoa Felipe III errege ezkontidearen, Nafarroako Juana IIaren senarraren (1343-1349) garaikoa da. Erregeak, 1331an Iruñeko Domingotarren klaustroan oholtza baten eraiketa agindu zuen (Pedro de Olazek eginda), gortean zeudenak "jeu de paume" praktikatzen ikusteko asmoz. Gainera, Nafarroako hiriburuko artxibotik ateratako dokumentu batek data haietan Oliteko Gazteluan jokatzeko esparru bat antolatu zela adierazten du. Errege jauregi hau Carlos III "Zintzoak" (1387-1425) aginduta XIV mendearen bukaeran eraldatua izan zen. Dirudienez, jauregiak jokalekua mantendu zuen, jolas honen zaletua bat gehiago baitzen.
Edozein kasutan, argi dago garai hartako errege nafarrak pilotan interesatuta zeudela. Eta nahi eta erabat ziurtatu ez daitekeen arren, hauetariko askok jolasten zuten, edo behintzat ikusten zituzten beren jauregi eta monasterioetan antolatutako partidak.
Baina ez zuten haiek bakarrik jokatzen. Apaizez gain, herri xehea ere pilotarekin dibertitzen zen. Andrea Navvagiero Venezian Gaztelako enbaxadore izan zen, eta honako hau adierazi zuen Euskal Herritik 1528an igarotzean: ""Beren etxeen aurrean esparru karratua daukate, alboetan itxita dagoena, eta bertan ez dira animaliak sartu behar. Toki hau hostoez egindako oheaz estalita dago, beraz ez dago aldaparik, eta areaz estalita dago tokia lehor mantentzeko".
Honela deskribatzen zituen Navvagierok gure arbasoek eraikitako pilotalekuak. Enbaxadoreak honako hau idatzi zuen: "Egunero jokatzen zen pilotara, boloetara eta beste jolasetara". Pilotarekiko zaletasuna handituz joan zen denbora igaro ahala. Hala, 1629an, Garrisen Guillermo Diriarteren hilobia aurkitu zen, pilota batez eta eskularru batez hornituta.
Erabateko fidagarrizko daturik ez badago ere, XVIII mendea baino lehen (Euskal Herrian pilota zaletasunak eztanda egin zuen garaitzat hartzen da hau) herrietan ohitura pilotazalea bazegoela esan daiteke. Beraz, gazteek ezaguna da elizetako aterpeetan praktikatzen zutela, barruan elizkizunik ospatzen zen bitartean izan ezik, noski.
Euskal pilotaren garapena ez zen gelditzen. Egia esan, XVIII mendearen iristearekin batera gureen den kirolaren erabateko hazkundea etorri zen.
Bilbon benetan ospetsua izan zen pertsonaia jaio eta bizi izan zen. Emiliano de Arriaga zuen izena, eta XIX mendearen bukaerako eta XX mendearen hasierako Bilboko bizitza kulturalean instituzio bat bilakatu zen. Kaleetatik lehen bizikletak ibiltzen zirenean eta gazteek "foot-ballagatik" interesa hartu zutenean, berak kirol tradizionalengatik apustu egin zuen; hots, arrauna eta, nola ez, pilota. Bere hitzetan "ederragoak” zirelako.
Gertaera hau oso esanguratsua izan zen, garai honetan pilotak beste kirol berriekin lehia egin behar izan baitzuen; futbola, edo garai hartako txirrindularitzarekin, esaterako. Igaro den mendearen hasierako euskaldunek kirol berri hauek betiko moduan onartu zituzten: interesarekin. Beraz, gero eta indartsuago eta geldiezina zen futbolaren arrakastak pilotarentzat erronka berria suposatu zuen. Dena dela, pilota jendetza handia erakartzen zuen 1900an. Gernika, Markina, Durango, Eibar eta Azpeitiko frontoiak maiz bete egiten ziren.
XIX mendearen lehen erditik aurrera euskal hiriek bazituzten jokatzeko pilotalekuak, Gasteizen kasuan bezala, hemen gaur egungo Prado kalean frontoi bat eraiki zelarik. Urte batzuk beranduago beste bat eraiki zen, Beti Jai frontoia, Alde Zaharrean. Frontoi honetan alokairu sistema berezia zegoen, pilotariek egindako tantoengatik ordaintzen baitzuten.
Arabako hiriburuak ez zuen pilotaleku egokia 1914ko abuztua arte eduki, Vitoriano Frontoia eraiki zenean. Bere aldetik, Bilbok Euskalduna Frontoia estreinatu zuen 1895ean, hiriaren "beste katedrala" izendatua izan zelarik. Gainera, bilbotarrek beste frontoi batzuk zituzten, San Francisco auzoan eraiki zena, Olimpia Aretoa, eta Iparralde kasurako.
1900. urteko Olinpiar Jokoetan, Parisen, lehenengo aldiz izan zen pilota joko olinpiko, eta, zoritxarrez, baita azkenekoz ere, erakustaldi moduan jarri baitzuten 1924ko, 68ko eta 92ko Jokoetan. Pilotaren urrezko garaietan, mundu guztira zabaldu zen harekiko zaletasuna. Konparazio batera, Londres, Kairo, Yakarta eta Tientsin hirietan ere izan zuten pilotalekua. Orain, besteak beste, ezagunak ditugu Hego Amerikako, Estatu Batuetako zein Europako zenbait pilotaleku.
Ordea, pilotak nonbait indarrik izan badu, Euskal Herrian izan da, eta garapen handia izan du azken urteetan. Kirol ospetsu honek gure gizartean duen finkapena argia da, eta telebistaren eta enpresek egindako lana nabarmenak izan dira. Dudarik gabe, pilota munduaren antolamendu egitura handia da: federazioak, teknifikazio-programak, pilota-eskolak, Ikaspilota eta jarduera profesionala hainbat modalitatetan. Kirol honen ezarpenaren lehen urrats erabakigarria 1929an eman zen, Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioa (FIPV) sortu zenean. Gaur egun, oinarri historiko-kulturalean euskarrituta, euskaldunak izan baitziren kirol honen sortzaileak, Euskadiko Euskal Pilota Federazioak oraindik bete ez duen gurari bat du, FIPVan eskubide osoko kide gisa parte hartzea eta nazioartean Euskal Herriko selekzioarekin lehiatzea.