Berriak

8mar
PILOTAREN FESTA ASTEBURUKO FINALETAN Kirola

PILOTAREN FESTA ASTEBURUKO FINALETAN

Guztira, 2022ko E.H-ko Ezker Paretako Kluben arteko txapelketako 18 final eta E.H-ko Emakumezkoen Gomazko Paletako Irekia eta Elite txapelketan 4 final jokatu ziren.

Finalen festa ostiralean hasi zen Hondarribian, Zesta Puntako Nagusien Euskal Liga eta Ohorezko kategoriako finalak jokatuz. Arratsaldeko lehen partidan Danok Bat taldeak, Gonzalez-Mancisidorrek ordezkatuta, 30-14 irabazi zion Hondarribiako Basterra-Sallaberry bikoteari. Ohorezko Mailako finalean, parekotasun handiagoa egon zen, baina azkenean Gasteiz Jai Alai (González De Matauco-Del Rio) taldeko bikoteak 30-22 irabazi zion Zumaiako bikoteari (Aguirre-Uranga).

Larunbat goizean gazteen mailako eskuzko finalen txanda izan zen Mungian. Kadete mailako lehen finala ikusgarria izan zen, bai markagailuagatik, bai pilotarien mailagatik ere. Oiarpeko (Etxeberria-Leonet) klubeko bikoteak nagusitasunez ekin zion partidari baina LAPKE (Izagirre-Ibarluzea) klubeko bikotea esnatu eta markagailua iraultzeko zorian egon zen baina azkenean 18-22 galdu zuten. Goizeko ezustekoa gazteen finalean gertatu zen LAPKE taldeko Ituarte-Goiburuk sekulako hasiera eman zion partidari eta faboritoak ziren Azkoitiako Oteiza klubeko Aranbarri-Garzi bikoteari 22-19 irabazi zieten. Goizeko azken partidan, 22 urtez azpiko mailan, aurreikuspenak bete ziren eta Joko Alaiko (Etxeita-Emaldi) pilotariek 22-10 irabazi zieten Txumulutxueta (Rekalde-Arbaiza) taldeko pilotariei.

Larunbat arratsaldean finaletako hitzordu bikoitza izan zen Zumarragan eta Mallabian. Zumarragan, Eskuz Nagusiak Euskal Liga eta Ohorezko mailako eta Emakumezkoen Eskuz Nagusiak kategoriako finalak jokatu ziren. Gizonezkoen Nagusiak Euskal Ligako lehen finalak ez zuen kolorerik izan eta Lemoa (Aurrekoetxea-Egaña) taldeko pilotariek irabazi zioten LAPKE (Irribarria-Erle) klubeko bikoteari 22-07ko emaitzarekin. Gauza bera gertatu zen arratsaldeko bigarren finalean. Lea Ibarra (Arrizabalaga-Gaminde) taldeko pilotariek ez zioten aukerarik eman Aloña-Mendi (Etxegarai-Oses) klubeko bikoteari eta 22-6 irabazi zuten final desorekatu batean. Arratsaldeko azken finala oso parekatua zen hasiera batean baina azkenean Tolosa (Alberdi-Aizpuru) taldeko bikoteak 22-13 irabazi zion Tartaloetxeko (Sukia-Elizegi) bikoteari. Mallabian, E.H-ko Emakumezkoen Gomazko Paletako Irekia eta Elite txapelketen finalak jokatu ziren, emaitza hauekin:

  • Hirugaren maila: Larraun-Mendi (Martiarena-Artazkoz) 26 vs Intxurre (Ugartemendia-Uzkudun) 30.
  • Bigarren maila: Hernani (Macicior-Querejeta) 22 vs Mendi-Amaya (Gorostiaga-Sarasibar) 30.
  • Lehenengo maila: Su-Berri (Arrillaga-Erasun) 30 vs Auña-Gure (Espinal-Igoa) 18.
  • Elitea: Irazustabarrena-mendizabal 30 vs Murillo-Saez 14. 

 

Igande goizean hitzordu bikoitza izan zen 7 finalekin Mendizorrotzako Ogeta eta Olave frontoietan. Ogetan jokatu ziren nagusi kategoriako erramintako 4 finalak:

  • Larruzko Paleta Nagusiak Euskal Liga: Mouguerre (Lauilhe-Moulins) 35 vs Kurene (Garcia-Momoitio) 33.
  • Pala Motza Nagusiak Euskal Liga: Gazteleku (Rekalde-Altuna) 40 vs Lagun Artea (Vega-Arroita) 32. 
  • Larruzko Paleta Ohorezko maila: Danak Bat (Plaza-Ibarluzea) 25 vs Oberena (Purroy-Berrogui) 35.
  • Pala Motza Ohorezko maila: Artepe (Lopez-Cenigaonaindia) 40 vs EPLE (Eyheramendy-Pichel) 35.

 

Olaven jokatu ziren gazteen Zesta Puntako hiru finalak. Hauek izan ziren emaitzak:

  • Zesta Punta Kadeteak: Markina (Maguregi-Garitagoitia) 30 vs Noain (Azpiroz-Ontoria) 14.
  • Zesta Punta Gazteak: Berriatua (Arrasate-Pagoaga) 17 vs Zumaia (Aguirre-Cabanillas) 30.
  • Zesta Punta 22 urtez azpitik: Markina (Ormaetxea-Mugartegi) 30 vs Berriatua (Bilbao-Aldazabal) 19.