Noticias

BIHAR ERABAKIKO DA MEXIKO HIRIAN EUSKAL PILOTA SELEKZIOAREN OFIZIALTASUNA NEPFan
Bihar, goizeko 11:00etan (Mexikoko ordua) batuko da NEPFaren batzar orokorra, ez-ohiko deialdian eta bertan bere estatutuen aldaketa bozkatuko da, hau onartuz gero, EEPFeskubide osoko NEPFko kide gisa onartu ala ez bozkatu ahal izateko.
2023ko uztailaren 29a egun historikoa izan daiteke Euskal Pilotarentzat, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko eskubide osoko kide bihur baitaiteke. Ez da lehen aldia EEPFk NEPFko eskubide osoko kide izatea eskatzen duena, 1994. eta 2002. urteetan egin baitzuen, arrakastarik gabe. Oraingo honetan, eskaerak ibilbide luzeagoa izatea espero da, Espainiako legedian, onartu berri den 39/2022 Legearen bidez alegia, eskaera hori egitea errazten eta bermatzen baitu.
NEPFak EEPF onar dezan, beharrezkoa da estatutuen aldaketa onartzea; izan ere, gaur egun, 10. Artikuluaren A puntuak honako hau dio “NEPF kide izango dira Nazioarteko Erkidegoak estatu subirano/independente gisa aitortutako herrialdeetako federazio nazionalak, baldin eta beren Gobernuaren onarpen ofiziala badute, eta, osagarri gisa, dagokien Batzorde Olinpikoarena, edo dagozkien beste organo batzuena, bai eta beren herrialdeetako pilota-kirolaren kontrola eta diziplina ere”. Estatutu aldaketa hau Frantzia, Mexiko eta Argentinako federazioek bultzatu dute.
Eskaerak aurrera egin dezan, baldintza hauek bete behar dira:
- Quoruma. Horretarako, beharrezkoa da bileran eman ahal diren botoen erdiak parte hartzea. Guztira 76 boto dira (Argentina 8, Bolivia 4, Txile 7, Costa Rica 4, Kuba 9, El Salvador 1, Espainia 9, Frantzia 9, Guatemala 3, Haiti 1, Italia 3, Mexiko 9, Peru 2 Uruguai 4 eta Venezuela 3), beraz, 38 boto biltzen dituzten kideek parte hartu behar dute.
- Estatutu aldaketa. Aldaketa hori onartzeko, beharrezkoa da boto-eskubidea duten bertaratuen 2/3k aldeko botoa ematea.
- EEPF onartzea. Behin estatutu aldaketa onartuta, beharrezkoa da boto-eskubidea duten bertaratuen 2/3k aldeko botoa ematea.
Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak, NEPFren estatutuetako 14. artikulua betez, NEPFko eskubide osoko kide izateko eskaera defendatzea eskatu du ez-ohiko batzar orokor horretan, bere ordezkari baten bitartez. Enaitz Olaeta Astigarraga, Bizkaiko Euskal Pilota Federazioko presidentea eta EEPFko Zuzendaritza Batzordeko kidea, izango da uztailaren 29ko ez-ohiko batzarrean EEPFren interesak defendatzeko arduraduna.
NEPFko eskubide osoko kide izateko, EEPFk egindako eskaeraren defentsa, honako lau arrazoi hauetan oinarrituko da:
- Identitarioa: euskal gizarteak, bere arbasoek asmatutako kirol batean, ofizialki ordezkatua izatea nahi du. Kirol hau aspalditik daramagu odolean, eta uste dugu eskubide osokoa dela aitzindari horiek eta, oro har, euskal gizarte osoa ofizialki ordezkatu ahal izatea gure izena daraman nazioarteko erakunde batean. Elkartasuna, errespetua, etika, erantzukizuna, inklusioa, zintzotasuna eta tolerantzia dira gure gizartearen, federazioaren eta gure kirolari eta teknikarien nortasun-ezaugarriak.
- Lehiakorra: EEPF beste hiru lurralde-federaziok osatzen dute (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) eta guztien artean 200 klub eta 6.200 kirolari baino gehiago dituzte. Hori dela eta, NEPFak antolatzen dituen nazioarteko txapelketetan, Euskal Pilotako espezialitate guztietan parte hartuko lukete, kategoria absolutuan zein gainerako kategorietan. Honek, txapelketa horien lehia-maila handitzea ekarriko luke, eta, ondorioz, ikuslearentzako erakargarriagoak izango lirateke.
- Ekonomikoa: Bere ingurunearekin konprometitutako gizarte bati esker, Euskal Herria lurralde aurreratua, modernoa eta ahalmen ekonomiko handikoa da. EEPF NEPFan sartzeak Euskal Pilota nazioartean bultzatzea ekarriko luke, eta NEPFko kide guztiek jasoko lukete horren onura. Horrez gain, frontoi, trinketa, plaza eta teknifikazio zentro ugari ditugu Euskal Pilota praktikatzeko, NEPFko kide guztien zerbitzura egon daitezkeenak. Bizkaian (Euskal Herria) egoitza izango duen 2030ko Euskal Pilotako Munduko txapelketa da gure kirola nazioartean sustatu nahi dugunaren adibiderik garbiena (oraingoz ofizialki ordezkatua ez egon arren) eta gure inklusioarekin, Euskal Pilotako Munduko txapelketak, orain arte ikusi ez den maila hartuko luke.
- Legala: Jakina da ez dela Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak eskaera hau egiten duen lehen aldia, baina oraingo honetan kirolaren 39/2022 lege onartu berriak bermatzen du, 48. artikuluaren bigarren puntuan, honako hau baitio:
"Hala eta guztiz ere, autonomia-erkidegoko kirol-federazioek zuzenean parte hartu ahal izango dute nazioarteko esparruan, baldin eta kasuan kasuko nazioarteko federazioak parte hartzea aurreikusten badu, beti ere autonomia erkideko horretako historian eta gizartean errotuta dauden kirol-modalitateen edo espezialitateen kasuan edo federazio autonomikoa nazioarteko federazio bateko kide izan bada dagokion Espainiako federazioa eratu aurretik.
Kasu horietan, autonomia-erkidegoko kirol-federazioak nazioarteko lehiaketa ofizialetan parte hartuko du Kirol Kontseilu Gorenarekin adostu ondoren. Akordio horren bidez, federazio autonomikoa nazioarteko federazioan integratzeko laguntza bateratua emango da ".
NEPFren ez-ohiko batzar orokorra amaitutakoan, bozketaren emaitzaren berri emango da eta EEPFk Mexiko Hirian gertatutakoaren inguruko komunikatu bat igorriko du bere webgunean eta sare sozialetan.