Berriak

7eka
COVID-19. EUSKAL PILOTAN ENTRENATZEKO PROTOKOLOA. Kirola

COVID-19. EUSKAL PILOTAN ENTRENATZEKO PROTOKOLOA.

Agintari publikoei kontsulta egin eta gero, gehinez 4 pertsonako taldetan entrenatu daiteke pilotaleku estalietan.

Euskal Pilotako federazioek Eusko Jaurlaritzaren Kirol Zuzendaritzari luzatutako galderei azken honek emandako erantzunetan oinarrituz, une honetan frontoi estalietara entrenatzera joateko arazorik ez zenuketela izan behar jakinarazi nahi dizuegu, beti ere, ondorengo neurriak betez:

  • Gehienera 4 laguneko taldetan pilota berarekin.
  • Aurretik instalazio jabeari erreserba eginez, berak ezarri moduan.

 

Osasun protokoloei dagokionean, instalazio bakoitzaren jabeak dioenari egin beharko diozue jaramon. Dena den, orokorrean, ondorengo neurriak hartzea gomendatzen dizuegu:

 

  • COVID 19arekin bateragarriak izan daitezkeen sintomak badituzue, ez joan entrenatzera.
  • Kantxatik kanpo bi metroko distantzia mantendu.
  • Nahiz eta aldagelak irekita egon, ahal den heinean ez erabili. Eta erabiltzekotan, txankletak jantzita une oro.
  • Oinetakoak aldatu. Entrenatzeko erabiliko diren oinetakoak frontoira sartzean jarri. Hau da, kantxa ez zapaldu kanpotik ekarritako oinetakoekin.
  • Pilotari bakoitzak bere botila ura erabili; ez elkar trukatu.
  • Txisturik ez bota lurrera
  • Entrenamendua amaitutakoan erabilitako kirol material guztia desinfektatu, pilotak barne. 
  • Entrenamendua amaitutakoan norberak sortutako hondakin guztiak, norberak jaso eta eraman ditzala, gainontzekoenak ukitu gabe.
  • Entrenamendua amaitutakoan eskuak garbitu norberak eramandako gel hidroalkoholikoaz.
  • Kontuan hartu pilota praktikatu gabe hainbeste denbora eman ondoren, pixkanaka hasi behar dela entrenatzen. Alegia, aurreneko entrenamenduetan ez da topera jo behar.

 

Arau hauek, konturatuko zaretenez, egunez egun alda daitezke, beraz, hemen azaldutakoak zabaldu edo murriztu ahal izango dira, osasun egoerak agindutakoaren arabera. Euskal Pilota federazioak eman daitezkeen  aldaketak  jakinarazten   saiatuko gara.